Mémoire

Erresistentziako Emazteen Plaza inauguratua izan da: memoria, arte eta transmisiorako gune bat

Baionako Hiriak 2025eko ekainaren 12an Erresistentziako Emazteen Plazaren egokitzapenak eta Femmes de l’Ombre izeneko artelana inauguratu ditu.

Data honetan argitaratua

2022ko ekainean ofizialki izendatua, Toponimiaren Batzordearen proposamenez eta Bask’Elles elkartearen ekimenez, plaza honek Baionan identifikatutako eta historian, denbora luzeegian itzalean egon diren 24 emazte erresistente omendu nahi izan ditu.

Gune sinboliko honen bidez, Hiriak memoria transmititzeko eta emazteen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko duen konpromisoa berretsi du, toponimia feminizatzeko ekintza-planaren baitan. Gaur egun, Baionako karrika eta plazen % 13k izen femeninoak dituzte, batez besteko nazionala baino askoz gehiago.

Obra garaikide bat plazaren bihotzean

Inaugurazioari esker,  Poulpykiss (Virginie Cétaire) artistaren « Femmes de l’Ombre » eskultura lana ezagutzera eman da. Alaia, koloretsua eta guztiz sinbolikoa, sorkuntza horrek espazio publikoarekin eta eguneroko bizitzarekin hitz egiten du. Horrekin batera, banku zirkular bat ezarria izan da, kontenplaziora trukera eta oroitzapenera gomitatzen duena.

Halaber, azalpen-plakak dira plazan, gizarte-jatorri guzietako emazte horien konpromisoa islatzen dutenak –gizarte-langilea, okina, liburuzaina, bankuko langilea… - erresistentzia-bideetan funtsezko zeregina izan baitute.

Hezkuntza eta arte desmartxa bat

Hainbat une indartsuk markatu dute inaugurazioa, besteak beste, Baionako gazteen mobilizazioari esker:

  • Aristide Briand eta Jean Cavaillès eskoletako ikasleek korografia poetiko bat aurkeztu dute, « Haien sustraietatik, gure urratsak », Charlotte Nopal koreografoarekin irudikatua.
  • Jean-Pierre Brana eskolako CM2 klaseak eta Albert Camus ikastetxeko 6. klaseak, Haut et Fort elkarteak lagundurik, Euskal Herriko lehen elokuentzia lehiaketan parte hartu dute, emazte erresistenteak omentzen dituzten testuekin.
  • Erakusketa ibiltaria proposatua izan zaie ikastetxeei, bertako historia horren inguruan ikasleak sentsibilizatzeko, Ondare–Artearen eta Historiaren Hiria zertbitzuak eramanik.

Heldu den sartzetik goiti, leku hau eskolei proposatuak zaizkien ibilbide pedagogikoetan integratua izanen da, emazte ausart horien oroimena iraunkorki biziarazteko eta belaunaldi gazteei engaiamendu, askatasun eta herritartasun balioak helarazteko.